Appa hi!
Hitanoa praktikatzeko eta ikasteko APPa duzu hau! Sartu, erantzun galderak eta joan mailak gainditzen.
Pantaila-argazkiak
Deskribapena
Hitanoa, alokutiboa, toka, noka... Badakizu zer diren? Berdin da! Oraintxe daukazu aukera hori guztia oso modu errazean praktikatzeko eta ikasteko, baita hutsetik hasita ere. 5 astean, zailtasunik gabe, hitanoaren oinarrizko egitura guztiak eskainiko dizkizugu eta, galdera-erantzun bidez, hika hitz egiten hasteko behar adina erreminta izango duzu.
Hizkuntzaren alderdi bat praktikatzeko aplikazioa da Appa hi!, baina lasai, betiere alderdi ludikotik abiatuta. Hitanoaren alderdi teorikoa eta aditz-taulak ere aurkeztuko dizkizugu, baina ikasketa prozesuaren funtsa galdera-erantzun estiloko jokoa da. Euskaldun guztiei eskainia, gazte zein adineko, euskara-maila edozein dela ere. Doakoa da eta Android zein Apple telefonoetarako dago eskuragarri. Deskargatu, eta hasi jokatzen!
Egunero 10-15 minutu praktikatzen badituzu, 5 astean hika egiten hasteko prest izango zara. Horixe izan da gure buruari jarri diogun erronka: 35 eguneko epea.
Bai, 35 egunean, egunero pilula batean, informazio jakin bat ematen da: azalpenak, marrazkiak eta bideoak, adibideekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator, zuzen asmatu beharreko partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera izango duzu. Eta aste bukaeran errepaso bat egongo da, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Nor berak bere erritmora egin dezake prozesua. Egunero pilula bat osatuz gero, azkarrenak 5 astean lortuko du atal guztiak osatzea eta hitanoaren oinarri guztiak lantzea.
Hi izango haiz horietako bat?
Herrietako bertsioak
Euskara batuko aditz eta galderekin batera, Appahi! aplikazioak herrietako hizkeretako hikako formak ere eskainiko ditu. Dagoeneko zure esku dituzu Oñati, Eibar, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako ikasgaiak eta une honetan lanean ari gara datozen hilabeteetan herri gehiagotako adizkiak eta galderak sortu eta plazaratzeko.
Herrietako bertsioak sortu, egokitu eta argitaratzeko (taulak, marrazkiak, galdera-sortak...) zenbait elkarte eta udalekin ari gara elkarlanean. Zure herriko taulak eta galderak ere erantsi nahiko bazenitu, jarri gurekin harremanetan.
Kredituak eta eskertzak
Aplikazioa Badihardugu Euskara Elkarteak sortu du, CodeSyntax enpresaren laguntza eta garapen teknikoarekin. Aplikazioko testuak eta galderak Aintzane Agirrebeñak eta Idoia Etxeberriak atondu dituzte eta irudiak Mirari Sagarzazurenak dira. Audio eta bideo gehienak Euskal Herriko Ahotsak proiektukoak dira.
Aplikazioaren lehenengo bertsioa Oñatiko Udalaren babesarekin egin zen 2021. urtean, Oñatiko hitanoa biziberritzeko Ingo xonau! proiektuaren barruan. App hau, beraz, Oñatin abiatutako lan haren emaitza da eta gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Ingo Xonau proiektuko kideei eta Oñatiko Udalari emandako babes eta laguntza guztiagatik.
Badihardugu Euskara Elkarteak euskara batuko informazio linguistikoa, aditz-taulak eta galdera-sortak ere sortu eta gehitu ditu aplikaziora 2022. urtean. Horretarako, Ritxi Lizartzaren laguntza eta aholkularitza izan dugu beharleku horretan; euskara batuko gaietako audioak ere Lizartzarenak dira (Mintza hadi, lagun! liburukoak). Eskerrik asko Ritxi abentura honetan bidaide izateagatik.
Appa hi! egitasmo orokorrak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du. Eibarko bertsioak Eibarko Udalaren laguntza izan du (Ego Ibarra Batzordea, Euskara Saila eta Akebai egitasmoa). Leintz bailarako udalerrien kasuan (Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga) bertako udalen laguntza jaso dugu aplikazioen bertsioak garatzeko. Gainera, Arrasateko bertsioa lantzeko eta egokitzeko Goienaren eta Arrasateko euskaltegiko kideen laguntza izan dugu, eta Leintz euskaltegiko kideena ibarreko gainontzeko herrietarako. Eskerrik beroena eman nahi diegu guztiei.